XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. Ingurugiro Hezkuntza kontzeptuaren eboluzioa

Ingurugiro-Hezkuntza ez da kontzeptu estatikoa, eboluzionatuz doan kontzeptua baizik, ingurugiroaz dugun ideia eta pertzepzioa ere aldatuz doazen neurrian eboluzionatu baitu.

Ohiturari jarraituz, ingurunearen alderdi fisiko-naturalak aztertzerakoan natur zientzietatik hurbil dauden planteamenduak erabili izan dira, gizarte-zientzien ekarpenak ia aintzat hartu gabe.

Ikuspuntu horrekin, ezinezkoa zen ingurunean elementu biofisikoen eta izaera sozialeko, kulturaleko, teknologikoko nahiz beste izaeratako elementuen artean sortzen diren harremanez jabetzea.

Horrez aparte, gainera, interes handiegia jarri ohi zen edukietan, datu pila bat emanez, eta aldi berean, balioen eta jarreren tratamendua baztertuz.

Ondoren hezkuntza-prozesuen barruan ingurunea esplizituki aztertzeko premia ikusi zen, baina arreta guztia baliabide naturalen kontserbazioan, flora eta faunaren babesean eta antzeko gaietan jarrita.

Gaur egun, aldiz, badakigu jakin, elementu fisiko-naturalak ingurunearen oinarria diren arren, dimentsio soziokulturalak, politikoak eta ekonomikoak, funtsezkoak izateaz gain, gizadiak ingurunearekiko dituen harremanak ulertzeko eta baliabide naturalak hobeto kudeatzeko tresna kontzeptualak eta teknikoak eskaintzen dizkigutela.

Horrez gain, badakigu, baita ere, Ingurugiro-Hezkuntza birplanteatu behar dugula garapen sostengagarri eta gizatiarrago baterantz zuzentzeko, ingurugiroa, garapen sostengagarria eta hezkuntza aldagai interdependenteak direlako.

Azken urteotan jauzi bat egon da, kontserbazioaren aldeko posizioetatik eta baliabideen erabileran zentratutako jokabideetatik, baliabideen erabilpena zehaztu duten garapen-ereduei zuzendutako planteamenduetara pasatu baikara.

Horrek, ekonomia monetarizatua aldatzeko planteamendua darama bere baitan, truke-balioei soilik erreparatzen dielako erabilera-balioak bazter utzita, eta hori ezezik, gizakion jarduera- eta harreman-arlo guztiak monopolizatu egiten dituelako.

Horrek berarekin darama, baita ere, kontsumitzaile irudia eta goi-esparruetatik datozen orientabideak jarraitzen dituen indibiduo irudia baztertu beharra, eta horren ordez, erabakiak hartzeko prozesua zuzentzen duen eredu soziopolitikoaren eraldaketan parte hartzeko antolatu den lagun-multzo nozioa geureganatu beharra.

Horrekin batera, baliabideen zentzuzko erabileraz gehiago arduratzen hasi gara, baliabideen banaketari arreta gehiago eskainiz.

Horren guztiorren ondorioz, gaur egungo Ingurugiro-Hezkuntzak sostengarritasunerantz eta berdintasunerantz jotzera behartzen gaitu, eta horrek, zer esanik ez, aldaketa sakonak eskatzen ditu, arlo ekonomikoan, teknologikoan, sozialean, politikoan, eta nola ez, hezkuntzan ere bai.

Hainbat egileren arabera, Ingurugiro-Hezkuntzaren gaur egungo joera, hiru ikuspuntu teoriko berri hauetan oinarritzen da:

- Teoria kritikoan; arrazionaltasun teknikoan oinarritzen diren egungo planteamenduen gainetik.
- Munduari, ezagutzari eta hezkuntza-prozesuari aplikatutako konplexutasunean.
- Ikuspuntu eraikitzailean; modu esanguratsu batez, indibidualki nahiz kolektiboki, ikasten goazen prozesuari buruzko pistak ematen dizkigularik.